lunes, 2 de febrero de 2015


Egunsenti” badoa; ilunabarra dator

Gorka Iriarte Lezaun


Ofiziala da: Egunsenti haur eskola auzotik eramango dute. “Egunsenti” izena mantenduko duen arren, gaztelerazko eredua hartuko duen haur eskola izango da hurrengo ikasturtetik aurrera.

Errotxapeako bizilagunek, zilegitasun eta arrazoi osoz, urteetan zehar euskarazko haur eskola izateko egin duten eskaera aintzat hartu du oraingoan udalak, baina prezio altuegian; bertako gaztelerazko ereduko haur eskola bat Txantreara ekarriz eta Egunsenti hara eramanez.

Ezkaba aldizkariko azken alean irakurri dut, Errotxapeako bizilagun baten hitzetan, bertako auzokideek zein euskarak berak irabazi egin dutela udalak hartutako erabakiarekin. Eta barkatuko didate Kaputxinos haragoko lagunek baieztapen horrekin bat ez banator; bizilagunek borroka bat irabazi duten arren, euskara ez da inolaz ere garaile atera. Izan ere, urrats bat aurrera egiten dugun heinean beste bat atzera egiten badugu, ez goaz aurrera. Argi eta garbi.

Bestalde, Iruñeko Euskalgintzak behin eta berriz aldarrikatu du Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolen beharra; Udalak, alabaina, entzungor egin du beti. Zentzu horretan, euskalgintzak inkesta bat egin zuen iaz umeak haur eskoletan matrikulatu zituzten gurasoen artean. Inkestaren arabera, matrikulatutakoen gurasoen ia %60k euskarazko ereduan egingo lukete matrikula, horretarako aukera izanez gero. Ezinezko zaie ordea, udalak ez baitu behar adinako plazarik eskaintzen. Areago, ez du matrikula-inprimakietan galdetu ere egiten umea zein eredutan matrikulatu nahi duzun.

Nire uste apalean, “euskarazko haur eskolak auzo guztietan” aldarrikapena nolabait isiltzeko aintzat hartu du Udalak errotxapearren eskaera, aipatu inkestaren datuak agerian. Halaber, eta Txantreak Izartegi euskarazko haur eskola mantenduko duen arren, euskararen arnasgune txiki bat kendu digu Txantrearroi. Ilunabarra, Miravalles kalean.

Alde batetik, zoriontzekoa da herri ekimenaren bidez Errotxapean lortu dutena; eta azpimarratzekoa euskalgintzako eragile zein norbanakoen elkarlanak fruituak ematen dituela. Baina bestetik, ezin dugu ikuspegi orokorra galdu: Iruñeak bi haur eskola euskaraz baino ez ditu izanen heldu den ikasturtean ere, eta euskararen herrian euskara ezagutu beharreko hizkuntza izan beharko lukeen heinean, aurrera urratsik ez dugu eman.



No hay comentarios:

Publicar un comentario