“Estilo ezberdinak gustokoak ditugu, eta horiek kanta bakoitzaren zerbitzu
pean erabiltzen saiatzen gara”
Hamar kantek osatzen dute
“Hegoko lautadaren ertzetik” CDa, Balerdi Balerdi taldeko laugarren lan luzca;
aurrekoa duela hamabost urte argitaratu zuten, 1997an. Auto-ekoizpen hau 2012.
udan zehar Musikorta estudioan (Bizkaia) grabatu zuten, eta urrian argitaratu
ondoren, hiruzpalau hilabete daramatzate hara ta hona, zuzeneko emanaldietan
aurkezten.
-Nola gertatu da Balerdi
Balerdiren itzulera?
-Taldea ia hamar urtez utzita
genuen. Noizean behin elkartzen ginen zeozertarako, bereziki Tocamas-en (nire
talde zaharretariko bat) kantak grabatu genituenean, CD bihurtutako maketa
batean. Zararekin eta Marinorekin talde honen kantak eta beste batzuenak (Fuletamol,
Motos eta Fiebre), guztiak gaztelaniaz zeudenak, hartu genituen, eta euskarazko
Balerdi Balerdi-ren batzuekin batera osatu genuen errepertoriotxoa. Balerdi Erdi izen pean itzuli
ginen, eta estreinaldia Akelarre tabernan egin genuen. Gero Marino desanimatu
zen, eta Felix-ek hartu zuen baxua; laister hau ere nekatu, eta Karlos etorri
zen... Ordurako kanta berriak egiten hasiak ginen eta errepertorioa Balerdi
Balerdiren kanta zahar eta berriekin osatu dugu.
-Orain nortzuek osatzen
duzue taldea? Txantreako beste lagunik ba al dago?
-Taldeko partaideak hiru
gara: Karlos (baxua), Zara (bateria eta koruak) eta ni (kitarra, harmonika eta
ahotsa). Txantrean sortutako bakarra ni neu naiz. Aspaldidanik Iruñeko beste
auzotan bizi izanda ere, nolabait Txantreako zigilua markatuta dudala uste dut,
bertan ume eta gaztetako urteak eman nituelako. Oraindik hilean behin garai haietako
lagun txantreatarrok elkartzen gara, hutsik egin gabe; hala ere, guztiak, bat izan
ezik, auzotik kanpo bizi gara.
-Nolakoa da oraingo Balerdi
Balerdi-ren estiloa?
-Lehenagoko izpiritua
mantendu dugula uste dut, oinarrizko power-pop estiloari rock amerikarra, folk,
soul, etabarreko ukituak gehituta. Estilo ezberdinak gustokoak ditugu, eta horiek
kanta bakoitzaren zerbitzu pean erabiltzen saiatzen gara, kanta horri dagozkion
moldaketak askatasun osoz garatu ahal izateko. Hori bai, gure maila apalean,
inolaz ere solfeoan jakitunak edota instrumentuetan birtuosoak ez gara eta.
-Zer aurki dezake
entzuleak zuen disko berrian?
-Hamar kanta oso
ezberdinak, bai erritmoen aldetik (rocka da nagusi, baina badira ska bat edo
twist antzeko beste bat, baita Dylanen edo heavyren parodiak ere), bai hitzen
aldetik: ipuin bat (“Bertan goxo”), Iruñari buruzko satira (“Ezkaba pean”),
bizi osoko morrontzak (“Egiozu kasu”)... Hiru kanten hitzak Pello Lizarralde
lagunak eginak dira, oso iradokitzaileak eta anbiguotasun puntu bat dutenak.
-Zeintzu helburu duzue
etapa berri honetan?
-Datozen hilabeteotan,
diskoa ahalik eta leku gehienetan zuzenean aurkeztea, eta emanaldi horietan CD
guztiak saltzea... hau miraria litzateke! Eta aurrerago, kanta berri batzuk
sortu, edo bertsioak, eta horiek prestatu, jo, grabatu...
-Noizko emanaldi bat
Txantrean?
-Gure oraingo formazioaren
aurkezpena Txantreako Akelarre tabernan egin genuen, duela urtebete. Telonero
gisa Police taldea agertu zen, eta entzule gehienak uxatu zizkiguten... Gustura
itzuliko ginateke Akelarrera, egun hartan egon ez ziren lagunen aurrean
aritzera, baina hilabete hauetan Iruñetik kanpoko emanaldiak hobetsi ditugu eta
ez gara saiatu bertan berriro jotzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario